XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Landare horiek, beraz, ihartu egingo dira; eta honengatixek bizi dira landare horiek herrialde heze-hezeetan eta ez bestean.

Landarerik gehienak hobeki hazten dira, lurrak hezatasun aski, baina ez gehiegi, duenean.

Baina ba liteke ere aidea eta lurra idorregi egotea.

Eta kasu hauetan beren konponbideak hautatu dituzte landareek, eta uraren lurrinketa gehiegizkoa moteldu.

Kaktusek eta landare haratsuek sistema hau onhartu dute, eta gauza bera neguan barrena berde irauten duten Mendebaldeko Europako landareek.

Izotz ari delarik, eguratsa oso lehor egon ohi da.

Une horretan oraindik ere hostoak dituzten landareek, hezatasun-galeraren aurkako gerizabiderik ez balute, ur gehiegi lurrindu beharko lukete.

Gerizabide hori honetan datza orduan: txit hosto bereziak ematea, alegia, hosto zailak eta hosto txiki-txikiak.

Horrelako hosto zailak ematen ditu erroizak; eta hosto txiki-txikiak pinuetan edo lerretan, eta izaietan, aurki daitezke.

Hostoen zabalera txikiarengatik oso ur urria lurrintzen dute.

Alderdi txarra hau da: zuhaitz horiek janaria daraman hezatasun oso urria xuka dezaketela, eta hortaz ur ugaria lurrintzen duten landareak baino polikiago hazten direla.

Izaiak horrengatik ez dira bi metroz baino hazten hamabost urtetan.

Zumarrek, berriz, hosto haundiagoak eta meheagoak dituzte, eta askoz ere ur ugariago lurrintzen dute; hots, zumarrondo bat, denbora-tarte berean, 15 metroz hazten da.

Lurbirako gainaldean barrena hezatasun-maila aldatu egiten delako, landare bakoitzak ba du ongienik dagokion lurraldea.

Landare batzuk lurralde hezeetan ez bestetan aurkituko dira; beste batzuk, aldiz, lurralde lehorretan.

Lurralde lehorrotako landareak poliki hazi ohi dira eskuarki, eta nekez egokitzen dira lurralde hezeagoetan, nahiz hauek beste alderditatik oso aproposak eta bidezkoak izan berentzako.